Global Screening, Global Screaming
GAZAREN ALDEKO PROIEKZIO-EKINTZA GLOBALERA DEITZEN DU PELIKULAREN LANTALDEAK DATORREN URTARRILAREN 18RAKO
2010eko urtarrilaren 18an urte bat beteko da Israelek Gaza bonbardatzeari utzi zionetik. Eraso horrek 2008ko abenduaren 27tik 2009ko urtarrilaren 18ra bitarte iraun zuen eta 1.412 palestinar akabatu zituen. "To Shoot An Elephant" (TSAE) izeneko dokumentalak Gazako zerrendatik bertatik kontatzen du egun horietan gertatutakoa.Bonbardaketen narrazio zuzena eta pribilegiatua izanik, dokumentalak Israelen propagandari eta nazioarteko isiltasunari aurre egiteko tresna izan nahi du.
Populazio zibilaren lekukotasuna den aldetik, bertan gertatutakoa kontatzeko egiazko materiala dugu TSAE. Mass Mediak ezkutatutako hori erakusten digun irudi ordezkaezina da, sionisten kontrolaren menpe bizi direnen soinu-banda pribilegiatua... Errealitatearen zati horrek erakusten digu nolakoa den bizimodua irteteko aukerarik ematen ez duen gerra batean.
Narrazioaren eta salaketaren aldetik duen balioaz gain, TSAE taldean eta modu horizontalean eta autonomoan egindako lanaren adibide da eta bere xedea da ikus-entzunezko lanak aurrera eramateko moduak eta bideak berritzea, bai produkzio-prozesuan bai horien banaketan eta komunikazioan. Talde-lanaren eta Creative Commons lizentzien alde eginez, gure nahia da dokumentalak bere ekoizleen mugak gainditzea eta ikuslearen material bilakatzea.
TSAE-ren lantaldeak kolektibo, talde edo pertsona orori dei egin nahi die 2010eko urtarrilaren 18an proiekzio bat antola dezaten; berdin dio non, noiz edo nola egiten den. Eskatzen dugun bakarra da proiekziora joateagatik sarrerarik ez kobratzea. Herri bateko plazan egin daiteke, ateneo batean, kultur etxean, eskolan, talderen baten egoitzan, gizarte etxean, okupatutako etxe batean, zine batean...
Global Screening izendatu dugu eta nahiko genuke sareko nahiz tokian tokiko gertaera bilakatzea, komunikazio antagonistaren oinarri batzuk egi bihur daitezen. Izan ere, hori garaipen bat izanen litzateke nazioarteko isiltasunaren aurrean, sareak eratu eta ideiak zabalduko lituzkeen elementua izanen litzatekeelako.
Global Screening-ak joan den urteko bonbardaketak gogorarazteko gertaera politikoa izan nahi du, baina aldi berean, ikus-entzunezko materialen eta edukiak partekatzeko tresnen erabilera askea ere sustatu nahi du. Hori horrela, proiekziorako lekuak ugarituz lortuko dugu dokumentalaren diskurtsoaren eragina areagotzea eta bere mezua gehiago zabaltzea.
Dokumentala bi modutara lor daiteke: DVD bat eros daiteke halawww.toshootanelephant.com webgunean nola mezu bat bidaliz
toshootanelephant@eguzkibideoak.info helbidera. Gomendatzen dugu eskariak lehenbailehen egitea, garaiz hel daitezen leku guztietara. Era berean, TSAE eskuragarri izanen da torrent-en, webgunean aste honetan bertan ezagutzera emanen dugun estekan.




